martes, 25 de mayo de 2010

PELUTXE PROIEKTUA

5 URTEKO HAURRAK MEZU ELEKTRONIKOAK IDAZTEN

Aurrekoan interneten kuxkuxean genbiltzala, honako artikulu hau aurkitu genuen. Hik hasi aldizkariak argitaratutakoa da eta Pelutxe proiektuaren inguruan hitz egiten du. Gure gaiarekin lotura zuzena duenez eta Haur Hezkuntzarekin ere bai, zuei luzatzea pentsatu genuen. Ea ba gustatzen zaizuen:


5 URTEKO HAURRAK MEZU ELEKTRONIKOAK IDAZTEN


Sarritan entzun dugu haurrak irakasleak baino trebeagoak direla teknologia berrien erabileran. Haurrentzat ordenagailua ez da tresna arraro eta berri bat; telebista bezain ohikoa eta normala baizik. Txiki-txikitatik esertzen dira ordenagailuaren aurrean eta sagua eta pantailaren artean jarririk hamaika froga egiten dituzte, batere beldurtu gabe.

Iazko ikasturtean, Berritzeguneek bultzatutako "proiektu telematikoa"ren bitartez, hainbat eskolatako 5 urteko haurrak elkarren artean harremanetan jarri ziren posta elektronikoaren bitartez. Horietako bi izan ziren Donostiako Jakintza ikastola eta Azkoitiko Xabier Munibe ikastola.


Proiektu berria zen hasi zirenean, hots, Gabonetako oporren ostean. Eta ekainean, ikasturtea bukatu ondoren, irakasleak oso gustura zeuden. Hasieran erronka bat zen, irakasleek beraiek ere ez baitzekizkiten proiektuak eskatzen zituen hainbat gauza. Esate baterako, testuak eta argazkiak eskaneatzen, haurren ahotsak sartzen, hori guztia konprimitzen, argazki kamera digitalarekin argazkiak ateratzen eta gordetzen, dena bidaltzen... Ikasi egin behar izan dute. "Uretara salto egin eta igeri egitea" bezala izan dela diote, eta merezi duela. Horregatik, aurten 5 urteko haurrekin egongo diren lankideak animatu egiten dituzte.

Haurrak pantaila aurrean

Jakintza eta Xabier Munibe ikastetxeak inplikatu zituen esperientzian 5 urteko haurren sei gelek hartu zuten parte. Jakintzako gela bakoitza Xabier Munibeko batekin egon zen harremanetan. Gela bakoitzak peluxe bat erosi zuen eta izena jarri ondoren, beste eskolara bidali zuten. Horrela, Ketx untxia, Tigrix tigrea eta Txuri-beltz hartza Jakintzatik Azkoitiko eskolara joan ziren, eta Delfi izurdea, Txomin hartza eta Koki txakurra Azkoititik Donostiara. Handik aurrera, beste eskolakoek ematen zieten peluxearen berri: nola zegoen, zer egiten zuten, nolakoa zen ikastetxea, herriaren eta bertako txokoen berri, zer ekintza egiten zituzten... Eta informazio hori guztia posta elektronikoaren bitartez helarazten zioten elkarri. Donostiarrek astelehenetan bidaltzen zituzten mezuak, eta azkoitiarrek asteazkenetan erantzun.

Hala kontatzen du Xabier Munibeko irakasle batek: "Astero bidaltzen genien e-mail bat. Lehenengo, papertxo batean idazten zuten mezua haurrek. Adibidez: `Gaur Ketxek Santa Agedako abestiak abestu ditu´. Horrekin batera, argazki bat ateratzen genuen. Gero, talde txikitan edo binaka jarri eta ordenagailu gelara joaten ginen mezua idatzi eta bidaltzera".

Harremanaren oinarria posta elektronikoa izan zenez, ordenagailuarekin aritu ziren 5 urteko ikasleak, eta irakasleek diotenez, gauza asko egiteko gai dira adin horretan. "3 urterekin sagua erabiltzen eta bi klik jarraian egiten kosta egiten zaie. Eskua ere oso txikia dutenez, zaila egiten zaie iristea. Baina 5 urterako badakite ordenagailua pizten eta itzaltzen, teklatua erabiltzen, idazten, ezabatzen... autonomoak dira". Batzuek etxean ikasten omen dute ordenagailua erabiltzen, baina ez posta elektronikoa. "Denetik dago, halere. Nire gelakoen artean gutxik zeukaten ordenagailua etxean. Liburutegira joaten dira" dio irakasle batek.. "Etxean anai-arreba zaharragoak dituztenek gehiago dakite". Edonoloa ere, ausartak omen dira. "Edozer gauza eta programa erabiltzen ausartzen dira, lasai, beldurrik gabe. Guri informatika hainbeste kostatzen zaigu eta beraiek horrela ikustea..." diote irribarrez eta inbidia punttu batekin.

Konstruktibismoa ordenagailuan

Eskola bietan konstruktibismoaren ikuspegitik lantzen dute irakurketa-idazketa, eta teknologia berriekin ere bide bera jarraitu zuten. Irakurketa-idazketa lantzeko tresna osagarritzat hartu zuten. Izan ere, hori zen proiektu telematikoaren funtsa: irakurketa-idazketa teknologia berriak erabiliz lantzea, betiko arkatza eta paperaz gain ordenagailua erabiliz, alegia.

Eskuz bezalaxe idazten zuten teklatuarekin, prozesu bera jarraituz. Lehenengo bokalak, silaba bakoitzeko hizki bat. Gero kontsonanteak, eta azkenik biak. Eta dena letra larriz. Aurreko urteetan modu konstruktibista hori baliatuz pilatu duten esperientzian oinarrituta, irakasle hauek oso motibagarria dela diote. "Hasieran, nahiz eta ezer ez jakin, idazten dute. Badakite hizkiak idazteko direla eta ezagutzen dituzte, mila lekutan ikusten baitituzte. Beraz, nahiz eta ezer ez jakin, badaukate idazteko aukera. 5 urtekoek, ordea, fase hori pasata daukate, eta soinuaren eta letraren artean zer erlazio dagoen ikasten ari ziren. Eta hori, bi modutara egin genuen: eskuz eta ordenagailuz".

Emaitza ikusita, hala gehitzen du irakasleetako batek. "Eskuz idazten hastean, letra politagoa edo itsusiagoa egiten dute. Ordenagailuan, aldiz, denei berdin ateratzen zaie eta hori ere polita da".

Peluxeen protagonismoa

Peluxeak gelako lagun bat gehiago bilakatu ziren. "Pentsa, ikasleak kontatzen genituenean peluxea beti kontatzen genuen; bat gehiago zen".

Haur bat ospitalean egon zenean peluxea eraman zion irakasleak eta horrela, haurrak gelakideei idatzi zien peluxearen bitartez. Azken batean, Ketzek, Tigrixek, Txuri-beltzek, Delfik, Txominek eta Kokik gelan egiten zituzten ekintza guztietan hartu zuten parte. Eta etxera ere eraman zituzten. Haur bakoitzak gau batean eraman zuen bere gelako peluxea etxera, eta hori ere izugarria izan omen zen eurentzat, lotura afektibo sakona sorrarazi baitzuen. Hurrengo egunean etxean egindakoa kontatzen zuten gelan.

Etxera eramate horrek gurasoen inplikazioa areagotu egin zuen. "Afaltzeko zer eman behar zitzaion galdetzen zuten. Batzuek bainatu ere egin zuten...". Beste aldetik, mezuak bidaltzen ikasi zutenean ere gurasoek berehala erantzun zuten. "Eskolako helbide elektronikoa eman genien eta mezuak bidaltzen hasi ziren. Partaidetza inprobisatua izan zela konturatu gara; guk eskatu gabe, asko inplikatu ziren. Eta hori oso positiboa iruditu zaigu" diote pozik.

Ikasturte amaieran donostiarrak Azkoitira joan ziren egunpasa eta oso oroitzapen polita dutela diote. "Haurrek elkar ezagutu zuten, eta peluxeak trukatu genituen". Horrela, Ketz, Tigrix eta Txuri-beltz Donostiara itzuli ziren berriro, eta Delfi, Txomin eta Koki Azkoitira.

Mezuak ez dira eten

Behin mezuak bidaltzen ikasita, bide horri probetxua ateratzea ongi ikusten dute irakasleek eta ideia berriak sortzen ari zaizkie. Jakintza ikastolako gela batean haur bakoitzak helbide elektroniko bat ireki du etxean eta handik elkarri mezuak idazten hasi direla dio irakasleak. "Bost bat haur korreorik gabe gelditu ziren etxean ez zekitelako edo, eta neronek ireki nien ikastolan".

Azkoitiko irakasle batek dio euren bailaran gaztelaniarekin arazoak dituztela espresio aldetik, "eta agian mezuak gaztelaniaz bidal genitzake. Baina, noski, hori gure kasuan, denek ez baitute arazo hori. Donostiakoekin ezingo genuke egin hori, Errezilgoekin edo Aiakoekin baizik".